Ayuntamiento de Lizartzawww.lizartza.eu
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

Historia

Lizartzako sorrera modernoa.

1802. urtean Lizartzako herriak lortu zuen egun duen maila juridikoa, hiribilduarena alegia. Honek, noski, ez du hemeretzigarren mendera arte Lizartzako herritarrek inolako antolaketa gabe bizi zirenik esan nahi. Aipatu urtean lizartzarrek lortu zutena, Tolosako eskumenetik erabat aldentzea izan zen. Era horretan, 1374. urtetik bi herriak elkarrekin lotzen zituen ituna bertan behera gelditzen zen, behin-betiko.

Lizartza eta Tolosaren arteko 1374ko batasuna ez zen gertakaera isolatu bat izan. Izan ere, inguruko gainontzeko herrixkek Tolosarekin batzeko erabaki bera hartu zuten. Gisa horretan, Tolosako lege eta araualdipean jartzen ziren. Batasun honekin, besteak beste, Lizartzako auzoak epaitzeko gaitasuna Tolosako alkateak izan ezin, beste inork ez edukitzea lortzen zen. Horrela, Tolosako eskumenean sartuta, Lizartzako lagunek garai hartako Handikiengandik eta guda girotik babesten ziren.

Denbora aurrera egin ahala, baina,  eta Gipuzkoako Probintziaren garapenari esker giroa oso bestelakoa bilakatuta, hasiera batean babesa zena oztopo bilakatu zen. Tolosako parte izateak ez zion inolako onura ekarri gure herriari, ez behintzat lotura honek zekarren zama arintzeko bezain bestekoa. Horregatik, beste saio batzuk kale egin ondoren, Lizartzak bere hiribildu maila 1790. urtean lortu zuen. Tolosak luzatu erreklamazio eta elegiteek izendapena 1802. urtera arte atzeratu bazuten ere.

Mugak finkatzea eta Araxesetik Nafarroara doan bideak sortutako abagune berriak, hain zuzen ere, burujabetzarako eskaera indartzeko ezinbesteko abiapuntuak izatea litekeena da.

Tolosarekin ez ezik, ondoko hainbat herrixkekin ere liskarrak ugari izan zituzten lizartzarrek. Hauen artean, Orexa eta Gazteluren aurkako auziak azpimarratu behar ditugu, ondazilegi ala herri-lur eta basoen banaketa eta ustiaketaren inguruan. Tira-birak 1488. urtean, gutxi jota, agertu ziren. Eta hemezortzigarren mendera arte ez ziren guztiz argitu.


Lizartzako sorrerari buruzko elezaharraren ingurukoak

Gure herriak independentzia lortzearekin batera, bere armarriaren ziurtagiria jaso zuen. Ziurtagari horretan, Lizartzako balizko sorrera aipatzen da. Orduko teoriari men eginez, Noe-ren ondorengoa izandako Tubalek Lizartza sortu zuela argudiatzen zen, Araxes izena horren lekuko izango zelarik.
Egun, kutsu honetako teoriak guztiz daude gaindituta. Lizartzako sorburua zein izan zen jakiteko, baliogarri izan daitezke bi datu luzatzen dugu hemen:

Lehendabizikoa, Orexa eta Gazteluarekin lurrak banatzearren izandako auzia, gorago aipatua izan dena. Honek, hiru herriek jatorri amankomun izan zutela eman dezake aditzera. Gune zabal bat elkarrekin hustiatzen zuten-eta.

Bigarrena, etorkizunean ikerketa berriek berretsi beharko duten ideia da. Inguruan badago toki esanguratsu bat jatorri amankomun hori kokatzeko: Uli mendia, alegia. Izen horrek han herrixka bat izan litekeela pentsarazten digu-eta.
 



www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2009 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz